Laguntza gela
ANIZTASUNAREN TRATAERA
Iparragirre ikastolan argi daukagu ume bakoitza bakarra dela eta ume bakoitzaren presentzia, partaidetza eta arrakasta bermatzeko beharra dagoela; inklusioa, preseski. Hori lortzearren, haien egunerokotasuneko premiak kontuan harturik, behar beste estrategia nahiz baliabide eskaintzen dizkiegu. Haien indarguneetan arreta jarri eta familia nahiz profesionalekin (logopedak, fisioterapeutak, terapeuta okupazionalak…) batera lan egiten dugu esku-hartzea eraginkorra eta esanguratsua izan dadin. Azken hauetan, hainbat euskarri (bisualak: piktogramak, irudiak…, fisikoak: eskorga, altzari egokituak…) eskaintzen dira irisgarritasuna bermatuz.
Halaber, suerta daitezkeen premiak ahalik lehenen identifikatzeak etorkizunari begira ekar ditzakeen abantailetan sinisten dugu. Detekzio hura erdiestearren, gure Orientabide Saila Hezkuntza Laguntzako Espezialistek (HLE) ez ezik, Pedagogo Terapeutikoek (PT) ere osatzen dute. Halako egoeren aurrean, familiak gertutik akonpainatzearen garrantzia argi daukagu.