2 urte
Iparragirre ikastolan, haur bakoitzaren interes eta motibazio pertsonaletatik abiatzen gara, bakoitzaren ikusminak eta erritmoak errespetatuz. Horregatik, ikasleen garapena aurrera eramateko, metodologia propioa erabiltzen dugu, hau da, hainbat ikuspegi, metodo… ikertu eta gure ikastolara eta ikasleei egokitzen ditugu.
Hauek dira 2 urteko geletan aurrera eramaten ditugun metodologia eta ikuspegi ardatz nagusienak:
-Proiektuak ekosistemetan: ikaskuntza aktiboa, haurra protagonista.
–Snoezelen gela: ongizatea, zentzumenak eta emozioen kudeaketa.
–Psikomotrizitatea: gorputza, emozioa eta harremanak uztartzen.
Metodologiaren ardatzak
Zer dira ekosistemak?
Ekosistemak, elementu fisiko-sentsorialez antolaturiko guneak dira. Esperientzia errealetan oinarrituta daude eta haurra bera da ikaskuntzaren protagonista eta eraikitzailea.
Ekosistemen helburu nagusienetariko bat, ikasleak etxean bezala sentitzea da, horregaitik ikasleek behar duten segurtasuna aurkituko dute gure geletan, oinarri emozional seguru bat eraikiz.
2 urteko geletan, guztira sei ekosistema desberdin daude:
-
Artea: Proiektuko portfolioa sortu, material desberdinak manipulatu….
-
Heuristikoa-matematika-psikomotrizitate fina: Eraikuntzak, puzzleak, kontzeptu matematikoak.
-
Mugimendua-hizkuntza: Hiztegia, ipuinak, asmakizunak, antzerkiak…
-
Sentsoriala: Zentzumenak piztuko dituzte hainbat material eta ekintzen bitartez.
-
Jolas ez-egitaratua: Egurrak, tutuak, kartoia…
-
Jolas sinbolikoa: Sukaldea, mozorroak,lantegia…
Ekosistema bakoitzean, material erakargarri ugari eskaintzen dizkiegu, ikasleei erronka berriak aurkeztuz, sormena, autonomia eta pentsamendu kritikoa garatzeko.
Zentzumenen estimulazioaren bitartez diseinaturiko gela da, ongizate egoera eta erlaxazioa lortzea helburu duenak.
Sortutako ingurune honetan, gure ikasleek, sortu, bizi, esperimentatu eta modu aske batean imajinatu egiten dute, haien ikasketak gidatuz.
Ikuspegi honekin zentzumen guztiak lantzen ditugu, ikasleen esnatze-sentsoriala piztuz. Ikasleak haien ikasketen protagonista bihurtzen dira, hezitzailea bitartekari eta bidelaguna izanez.
Haur Hezkuntzako etapan nagusitzen den globaltasunarekin bat etorriz, Iparragirre Ikastolan psikomotrizitatea ezinbestekotzat jotzen den praktika bat da. Aucouturierren esanetan oinarriturik, afektibitatean, motrizitatean eta kognizioan arreta jartzen dugu, baita umearen ekintzaren zentzuan ere. Halaber, ume bakoitzak bere historia pertsonala daukala kontuan hartu eta haurrei haien heldutasun-ibilbidean akonpainatzen ditugu; hots, mugimendutik pentsamendura igaroz. Guzti honen oinarrian, hain premiazkoa den jolas espontaneoa dago; aurreiritzirik gabekoa eta plazerara bideratuta dagoena.
Egun bat 2 urteko geletan
2 urteko geletan, eguna 4 momentutan antolatzen dugu: Egunaren irekiera goizeko korruarekin, ekosistemak, jantokia eta lo-kuluxka eta egunaren itxiera arratsaldeko korruarekin.
Sarrera malgua + goizeko korroa:
Iparragirre Ikastolan garrantzi handia ematen diogu familia-ikastolaren arteko harremanari, hori dela eta, 2 urteko geletan, familiak ikaslearekin geletara igotzen dira. Gainera, bai goizeko sarrera zein arratsaldeko irteera, malguak izaten dira.
Gure eguna, goizeko korroarekin hasten da. Eguneko arduradunak (makinistak), argazki eta irudi desberdinen bidez eguneko planifikazioa egiten du, hala nola, jantokiko menua, eguraldia eta zerrenda pasa.
Honen ostean, hamaiketakoa hartzeko unea da. Asteko egunaren arabera, hamaiketako desberdinak eskaintzen ditugu: ogia, fruta, esnekiak… Honi esker, gure ikasleek hamaiketako-ohitura osasuntsuak hartzen dituztela ziurtatzen dugu.
Ostean, patiora joateko unea heltzen da. Egunero ordu erdi egoten gara lagunekin jolasten eta disfrutatzen.
Ekosistemak:
Egunaren arabera, talde bakoitza egokitzen zaion ekosistemara joaten da: jolas-sinbolikora, artera, jolas ez-egitaratura, heurustiko-matematika-psikomotrizitate finara, mugimendu-hizkuntzara edo ekosistema sentsorialera.
Ekosistema bakoitzean, material erakargarri ugari eskaintzen dituzten proposamen irekiak aurkezten dizkiegu, ikasleen autonomia sustatzeko helburua dutenak, hausnartzeko, erabakiak beren kabuz hartzeko, argudiatzeko eta pentsamendu kritikoa eraikitzeko. Honez gain, ekosistemen barruan,hiruhilabete horretan lantzen ari garen proiektuko dinamika desberdinak aurrera eramaten ditugu.
Arratsaldeko korroa eta egunaren itxiera:
Jantokitik bueltan, bazkalondoko lo-kuluxka botatzeko unea da. Gainera, jakin badakigu, 2 urteko geletan siesta uneak ezinbestekoak direla umeen ongizaterako.
Egunaren itxiera, arratsaldeko korroarekin bukatzen da. Goizean bezala, familiak geletara igotzen dira eta etxera joaten prestatzen dituzte.